Agertokia: Abesti-lehiaketa
Gelan abesti-lehiaketa egingo dute, ikasturte-amaierako ekitaldirako abesti berriak bilatzeko. Fanik Karlosek sortutako abesti baten hitzak kopiatu ditu, eta bere izenean bidali du abesti-lehiaketara. Zer gertatu da?
Karlos, musikagilea
Karlos 28 urteko abeslari eta musikagile ospetsu bat da. Talentu-lehiaketa bat irabazi ondoren hasi zuen ibilbidea. Hiru disko argitaratu ditu, eta udazkenean Nire erara programan parte hartu zuen. Karlosen musika pop-rock melodikoa da. Bere azken abestiaren izenburua Inork ez nau ikusten da. Instagramen izen hau du: @carlos100oficial.
Fani Fan
Fani 13 urteko ikasle bat da. Haren zaletasunak dira gitarra jotzea, xakean jokatzea eta, neguan, eskiatzea. Fanik abesti batzuk konposatu ditu, baina hitzak asmatzea kosta egiten zaio. Batzuetan, bere lagunik onenak, Mikelek, hitzak asmatzen laguntzen dio. Faniri izugarri gustatzen zaizkio Karlosen abestiak, hitz bikainak dituztelako eta, gainera, bere bizitzaz hitz egiten dutela diruditelako! Fani Karlosen jarraitzailea da Instagramen, eta bi kontzertutara joan da.
Kontzientzia
Faniren kontzientzia ona egokia den hori gogoratzen saiatzen da beti. Kontzientzia on batek lagun onen trebetasunak nabarmentzen ditu, arauen arabera jokatzeari garrantzia ematen dio, eta agerian jartzen du beste pertsonen kontuak nola sentitzen diren eta Faniren ekintzek zer ondorio dituzten.
Tentazioa
Tentazioak konponbide errazak planteatzen dizkio Faniri, ekintzen ondorioak kontuan hartu gabe. Tentazioak nahi du Fanik kosta ahala kosta arrakasta izatea.
Mikel – Faniren laguna
Mikelek abestiak idaztea atsegin du, eta, batzuetan, Faniri bere abestiei hitzak jartzen lagundu dio. Beste abesti batzuk Instagrameko eta Snapchateko istorioetan argitaratu ditu. Mikelek gogoan du nola, batzuetan, eskolan Egile Eskubideen Ikasgelako jolasetan aritzen ziren.
Agertokia: Telebista-estudioa
Alba antzezleari esketx baterako pertsonaia bikain bat bururatu zaio. Kepak, telebista-programako ekoizleak, pertsonaiaren telebista-programa bat egin nahi du, eta pertsonaiaren inguruko gidoi bat idaztea eskatu dio Guiomarri. Albari ez dio ezer esan, eta telebista-estudioko paretan programaren iragarki bat ikusi duenean izan du haren berri. Zer gertatu da?
Alba, antzezlea
Alba antzezle gazte bat da, esketx-programa batean ezagun egin zena. Esketxerako asmatu zuen pertsonaiak ez zuen lehiaketa irabazi, baina programan hirugarren geratu zen. Programan parte hartu aurretik, Albak Arrasateko Amaia Udal Antzokian lan egin zuen, eta iragarki-irakurle izan zen; gainera, bikoizketa-aktore izan zen Disneyren marrazki bizidunen azken filmean. Ikasten ari zen bitartean, Egile Eskubideen Ikasgelako musikalean parte hartu zuen.
Kepa, ekoizlea
Kepa aspaldi hasi zen telebista-industrian lanean, esperientzia handia du, eta hainbat telebista-programa ekoiztu ditu. Azkenaldian, Izarrekin dantzan eta Anaia nagusia programak ekoiztu ditu. Kepak telebistako formatu berrietarako intuizio handia eta ideia asko ditu. Orokorrean, nahi duena lortzen du, eta ideiak berehala gauzatzen ditu.
Esketxeko pertsonaia
Esketxeko pertsonaia animalia xelebre bat edo Alba antzezleak sortutako beste pertsonaiaren bat da, beti arazotan dabilena. Pertsonaiaren esaldi hau guztien ahotan dabil: «Ez da ezer gertatzen!»
Guiomar, telebistako gidoigilea
Guiomar gidoilaria da. Ikasketak amaitu berri ditu eta arlo horretan lan bila dabil. Zertarako gai den erakusteko aukera bikaina du: Keparen azken telesailaren gidoilari izateko hartu dute. Guiomar Albak asmatutako esketxerako pertsonaiaren miresle handia da.
Alizia, ekoizpeneko laguntzailea
Alizia Keparen eskuineko eskua da. Telebista-programen antolaketa praktiko guztiarekin laguntzen dio, eta dena zuzen egiteaz arduratzen da, hau da, legea eta jarraibideak betetzeaz.
Agertokia: Parkea
TubeT-ek ikastetxeko jolastokian kontzertu bat antolatzea erabaki du, eta Jaimeri, bere abeslari gustukoenari, abestea eskatu dio. TubeTek bere jarraitzaileak gonbidatu ditu ikuskizunera, eta kontzertua zuzenean eman du YouTubeko bere kanalean. Nola hartu behar ditu kontuan youtuberrak egile-eskubideak, kontzertu bat antolatzerakoan?
TubeT, youtuberra
TubeT youtuber ezagun bat da. YouTubeko kanal batzuetarako edukia ekoizten du, eta 100.000 jarraitzaile baino gehiago ditu. Bere kanaletako batean bideo bat argitaratzen du egunero. Urtero antolatzen den Tubecon ekitaldian ere parte hartu du. TubeTen kanalik ezagunena @TubeT da.
Jaime, abeslaria
TubeT Jaimeren fan sutsua da. Jaimek abestiak bere kasa edo taldearekin idazten ditu. Uda honetan jaialdi askotan aritu da, eta datorren urtean bira bat egingo du. Aurten, Jaimek artista berri onenaren Emma saria irabazi du.
Rafa, agentea
Rafa Jaimeren agentea da. Jaime artista ospetsu bihurtu aurretik ezagutu zuen. Jaimeren kontu guztiez arduratzen da: kontzertu eta birak adosteaz, marketinaz eta baita ordutegiez ere. Rafak mugitzen ditu hari guztiak. Agenterik gabe, Jaime berandu iritsiko litzateke beti, edo behar ez den lekura joango litzateke.
Max, TubeTen jarraitzailea
Max aspalditik da TubeTen jarraitzaile. Iaz Tubecon ekitaldian ikusi zuen, eta harekin selfi bat egitea lortu zuen. Max ere bideoak egiten eta YouTubeko bere kanalean argitaratzen hasi zen.
Mara, TubeTen jarraitzailea
Mara duela gutxi hasi da TubeT jarraitzen. Parkean antolatzen ari diren kontzertuan ezagutzeko irrika bizia du. Mara Jaimeren fan ere bada.
Agertokia: Amaiaren etxea
Amaiak koreografia berri bat asmatu du Rober-en abesti arrakastatsu berrirako, eta TikToken argitaratu du. Koreografia zabaldu egin da TikToken, eta beste erabiltzaile batek, Carmenek, koreografia bera dantzatu eta bere kanalean argitaratu du. Roberrek koreografia aurkitu du TikToken, eta bere bideoklip berrian kopiatu du, koreografoa Amaia dela adierazi gabe. Roberren fan batek, Vegak, Roberren abesti berria zabaldu du, eta koreografia berria goraipatu du, ikusgarria eta paregabea omen delako. Nola jokatu beharko luke Amaiak?
Amaia
Amaia Roberren fan sutsua da, eta haren abestietarako koreografiak asmatu eta TikToken argitaratzen ditu. TikTokeko bere kanalak 1.000 jarraitzaile baino gehiago ditu Euskal Herrian eta atzerrian.
Rober, abeslaria
Roberren ibilbidea goraka hasi da, eta datorren udako jaialdietarako kontzertu asko hitzartu ditu. Sormen handiko kanta-idazlea da, eta abesti berrietarako hitzak erraz asmatzen ditu. Bideoklip berrietarako dantza-mugimendurik ez zaio bururatzen, ordea.
Carmen, TikTokeko erabiltzailea
Carmen TikTokeko erabiltzaile sutsua da. Dantza dibertigarriak egiten grabatzen du bere burua eta, gero, bideoak TikToken argitaratzen ditu. Askotan, dantzak berak asmatzen ditu, baina, tarteka, beste pertsona batzuek pentsatutako dantza-mugimenduak ere zabaltzen ditu.
Vega, Roberren fana
Vegak asko miresten du Rober. Bizi den hirian eman dituen kontzertu guztietara joan da. Ikastetxeko ikasturte-amaierako emanaldian, Roberren kanta bat abestu du. Vegak edozer gauza egingo luke datorren udako jaialdian Roberrek emango duen kontzertura joateko.
Amaiaren laguna
Amaiaren lagunak ere asko miresten du Rober. Dantzazalea da eta bideoklipetako koreografietan arreta handia jartzen du. Roberren bideo berrian, Amaiak asmatutako koreografiako mugimenduak antzeman ditu. Bideoa Amaiari erakutsi dio.
Agertokia: Liburu Azoka
Rikiri idaztea gustatzen zaio, eta idazketa-lehiaketan parte hartu du. Bere testuak irabazi du lehiaketa, eta Liburu Azokan elkarrizketatu dute. Editore bati eta zinema-ekoizle bati istorioa interesatu zaie, eta istorioari buruzko liburu bat eta film bat egin nahi dituzte. Pentsatu nola izan zaitezkeen idazle, liburuak nola sortzen diren, idazle-lanbideak zerekin duen lotura eta kultura-sortzaile batek nola ateratzen duen bizimodua.
Riki, idazle afizionatua
Rikik izugarri atsegin du idaztea. Betidanik idazten du. Institutuan, bere literatura-saiakerak eskolako egunkarian argitaratu zituzten. Fantasiazko liburu bat ere idatzi du, baina oraindik ez dio inori erakutsi.
Kike, editorea
Kike irakurle porrokatua da. Istorio arrakastatsuak aurkitzeko sen ona du, eta argitaratzen dituen liburu asko oso ondo saltzen dira. Editoreak idazleei laguntzen die irakurleak aurkitzen eta liburuak saltzen. Idazleak eta editoreak liburua argitaratzeko kontratu bat sinatzen dute, eta liburua paperean, formatu elektronikoan edo audioliburu gisa argitaratzen da.
Pablo, zinema-ekoizlea
Pablo pertsona bohemio eta xelebrea da. Gogoa erraz berotzen zaio istorio interesgarriekin, eta filma ekoizteko finantziazioa lortzen hasten da. Zinema-ekoizleek filma egiteko lantaldea eratzen dute: zuzendaria, gidoigilea, antzezleak eta abar.
Emilio, elkarrizketatzailea
Emilio kazetaria eta ekitaldi-aurkezle ospetsua da. Fantasiazko liburuak asko gustatzen zaizkio, eta, Rick Riordanen Percy Jacksoni buruzko liburu guztiak ez ezik, J. K. Rowlingen Harry Potterren den-denak ere irakurri ditu. Rikiren idazkiarekin gogoberotuta dago.
Kamilo, Rikiren laguna
Kamilo Rikiren laguna da, eta egile-eskubideak oso ondo ezagutzen ditu. Unibertsitateko aldizkarian artikulu bat argitaratu du. Kamilori lagunei laguntzea gustatzen zaio, eta blog bat du Interneten.
Agertokia: Telebista-estudioa
Izarne akrobata da, eta telebistan emango duten talentu-lehiaketa batean parte hartu du. Horretarako, emanaldi berezi bat asmatu du. Nagore, epailea, eta Patxi, ekoizlea, liluratuta daude, emanaldia oso originala baita. Patxiri gustatuko litzaioke Izarnek bere bigarren programan ere parte hartzea. Izarneren lagun bat, Mikel, ikusle gisa joan zen telebistara, eta emanaldia grabatu eta Snapchaten eta Instagramen argitaratu zuen, istorio gisa. Antzezlanean, hausnartu ezazue egile-eskubideen inguruko zer gai hartu beharko lituzketen kontuan Izarnek, Patxik eta Mikelek.
Izarne, akrobata
Izarnek izugarri atsegin ditu akrobaziak, eta, ahal duen guztietan, familiako ospakizunetan eta ikastetxeko jaietan emanaldiak egiten ditu; baita bere etxeko patioan ere, bizilagunentzat.
Nagore, epailea
Nagorek epaile gisa parte hartu du talentu-lehiaketan. Pertsona nahiko bitxia da, eta arropa deigarriak janzten ditu. Epaile maitea da, eta lehiakideak beren sormena aurkitzera animatzen ditu beti.
Patxi, ekoizlea
Patxik teleerrealitateko eta bizimoduaren inguruko hainbat telesail ekoiztu ditu. Ausarta da, eta beti betetzen du programatutakoa. Telebista-estudioko korridoreetan korrika batean ibiltzen da batetik bestera, irribarretsu. Ekoizleen ardura da telebista-programa garaiz amaitzea eta dena antolatu bezala ateratzea.
Mikel, Izarneren laguna
Mikel Izarneren lagun ona da, artista grinatsua. Magia-trukoak atsegin ditu gehien. Askotan, Izarnerekin batera aritzen da emanaldietan.
Mireia, Izarneren laguna
Mireia, Izarne eta Mikel lagun onak dira, eta askotariko ekitaldiak antolatzen dituzte elkarrekin. Normalean, Mireia aurkezle izaten da. Mireiak egile-eskubideen berri jaso du Egile Eskubideen Ikasgelan, eta lagunei azaltzen die ikasitakoa, poz-pozik.
Agertokia: Komikilari baten estudioa
Maiteren komiki berriak jende askoren arreta erakarri du. Telefonoa jo eta jo ari da, eta mezuak heltzen zaizkio etengabe. Ametsek, zinema-ekoizle batek, komikiaren animazio-film bat egin nahi du. Publizitate-agentzia batek komikiko pertsonaia erabili nahi du enpresa batek eskatu dion kanpaina batean; kanpaina natura zaintzeari buruzkoa da. Amaiurri Maiteren komikiak izugarri gustatzen zaizkio, eta komiki berriko pertsonaia jarri du Snapchateko eta TikTokeko bere profiletan. Zer hartu beharko luke kontuan Maitek bere egile-eskubideen gainean?
Maite, komikilaria
Maite marrazkilari kartsua da, eta komiki batzuk egin ditu. Bere azken komikietako pertsonaia nagusia behi abenturazale bat da. Iaz, Maitek Komikilarien Elkarteko Arkatza saria irabazi zuen.
Amets, zinema-ekoizlea
Ametsek animazioko hainbat film ekoitzi ditu. Pertsonaia interesgarriekin segituan gogoberotzen da, eta haien inguruan istorioak asmatzen eta animazioa ekoizteko finantziazioa bilatzen hasten da. Zinema-ekoizleek animazio-filma egiteko lan-taldea eratzen dute: bikoizketako antzezleak eta abar.
Ibai, diseinatzaile grafikoa
Ibai diseinatzaile grafikoa da, eta publizitate agentzia txiki batean lan egiten du. Iragarkiak, kartelak eta liburuxkak marrazten ditu. Askotan, egile-eskubideekin arazoak izaten ditu; irudiak eta musika erabiltzen dituenean, adibidez.
Amaiur, zalea
Amaiur komiki-irakurle amorratua eta Maiteren fana da. Komiki-bilduma handi bat du etxean, eta sare sozialetan komiki onez hitz egitea atsegin du. Maiteren komiki berriko pertsonaia, Behia, asko gustatu zaio, eta haren irudia jarri du TikTokeko eta Snapchateko bere profiletan.
Behia, Maiteren komikiko pertsonaia
Maiteren komikiko pertsonaia zintzoa eta adeitsua da, eta gauza berriekin berehala gogoberotzen da. Behiak ingurumena zaintzen du eta birziklatzeko aholkuak ematen ditu. Azkenaldian, Behiari egile-eskubideak interesatzen zaizkio.
Agertokia: Antzoki bateko agertokia
Gilenek eta Katalinek musikal berri bat egin dute. Candelak eta Zuriñek datorren udazkeneko musikalik garrantzitsuenean parte hartu nahi dute. Hiriko antzokian antolatu duten entzunaldi batean parte hartu dute. Gilen eta Katalin egile-eskubideen inguruan zer gai kontuan hartu pentsatzen ari dira.
Gilen, gidoilaria
Gileni musikalak izugarri gustatzen zaizkio. Lehoi erregea eta Operako mamua ikusi ditu Broadwayen (New York). Bere musikala egiteko ametsa izan du beti.
Katalin, konpositorea
Katalinek musikalak eta antzerkia gogoko ditu. My Fair Lady eta The Sound of Music ehun aldiz ikusiko zituen, gutxienez. Gainera, bere konposizioak ere egin ditu.
Candela, abeslaria
Candelak abeslari profesional izateko ametsa du. DBHko 4. mailan Egile Eskubideen Ikasgelako musikalean abestu zuen, eta aire zabaleko antzezlan amateurretan parte hartu du.
Zuriñe, dantzaria
Zuriñek txikitatik dantza egin du. Dantza-eskoletako emanaldi batzuetan parte hartu du, baina oraindik ez du antzoki handietan dantza egin. Bere idolo nagusia Shirley Temple da, Hollywoodeko izarra.
Diana, zuzendaria
Dianak hainbat musikal zuzendu ditu. Duela gutxi, Egile Eskubideen Ikasgelako musikala zuzendu du, eta hiriko antzokirako musikal berri bat antolatzen ari da.